XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MARIE EUGENE DUBOIS MARIE Eugene François Thomas Dubois, Holandako hegoaldeko Eijsden-en jaio zen 1858. urteko urtarrilaren 28an.

Gaztetan medikuntza eta historia naturala ikasi zituen eta harez gero anatomia eta geologiarako joera nabarmendu zitzaizkion.

Darwinek 1859. urtean bere eboluzio-teoria argitaratu zuenez gero, gizakiaren jatorriaz zientzilari asko zegoen arduratuta.

Gizakiaren lehen arbaso tximino edo antzekorainoko katea osatzeko maila bat falta zitzaien eta Dubois maila hori aurkitzen aritu zen burubelarri.

Darwin bera, Lyell eta Huxley aritu ziren eboluzioaren teoria hautespen naturalaren bidez gizakiari aplikatzen, baina benetako froga bezala harrizko lanabes zahar batzuk eta giza gorputzaren arrasto gutxi batzuk besterik ez zeuden.

1850. urte inguruan Neanderthal gizakiaren eskeletoak aurkitu ziren.

Zientzilari batzuek haiek aztertuta (Paul Broca-k esate baterako) haiek giza espezie zahar baten hondakinak zirela zioten, baina beste zenbaitek (Rudolph Virchow-k adibidez) agian istripu edo gaitzen batek deformatutako gizakienak zirela zioen.

Dena dela, oraingo gizakienak baino lehenagokoen fosilak behar ziren, aldi berean tximinoen antzeko arbasoenak baino eboluzionatuagoak izango zirelarik.

Tarteko maila falta zitzaien beraz, eta Dubois irrikitzen zegoen maila huraxe aurkitzeko.

Duboisen ustetan, lehen gizakiak oraindik ere tximino asko dagoen lekuetan bizi behar izan zuen; Afrikan eta Asiako hegomendebaldean.

Afrikan gorilak eta txinpantzeak daude, eta Asiako hegoaldean orangutana eta giboia.

Giboiak kilikatzen zuen gehiena Dubois paleontologoa, Ernst Haeckel-ek zioenez gizakiarengandik hurbilen zegoen tximinoa bera zelako.

Geroztik ordea, baieztapen hori ez dela zuzena frogatu da.

1889. urtean armadan zerbitzen ari zela, Holandako gobernuak Java irlara bidali zuen hango fosilak aztertzera.

(Ez da ahaztu behar Java garai hartan holandarren kolonia zela).

Dubois oso pozik joan zen, noski; bere ametsa horixe bait zen.

Urte gutxiren buruan, garezur bat, femur bat eta bi hortz aurkituak zituen.

Lehen gizakiaren fosilak ziren haiek dudarik gabe.

Marie Eugene Dubois, gizakiek eta tximinoek izandako eboluzioen maila desberdinak argitzen saiatu zen.